Bilbo, hiribildu gisa, 1300eko ekainaren 15ean jaio zen, On Diego Lopez Harokoak hiri-gutuna eman zionean.
Bilbao, munduko hiri asko bezalaxe, ibai baten inguruan finkatu zen. Honek, Nerbioiak, edateko eta lurra ureztatzeko ura ematen zien bilbotarrei, gainera bazterretatik arrantza egiten zuten; beraz, jaten eta edaten ematen zien. Denbora aurrera joan ahala, kanpoalderako komunikabiderik onena bihurtu zen.
Hasiera batean bi populazio gune izan ziren, bi hiri-gutun desberdin: alde batetik, ezkerraldekoa edo Bilbo Zaharrekoa, burdinoletan burdina lantzen zuten meatzariek osatua eta beste alde batetik, eskuinaldekoa, portuko merkataritzari emana, Alde Zaharra izenekoa. San Anton zubiak biak lotzen zituen eta hantxe bertan, mareak heltzen ziren lekuan, portua egon zen.
Hiribildua fundatu baino lehenagoko garaiaz oso gutxi dakigu. Historiagile batzuen iritziz, Bilbao erromatarren Flaviobriga izan zitekeeen, itsasadarrean erromatarren monetak aurkitu baitziren, baina ezin izan da teoria hori frogatu. Litekeena da bilbotarrok normandiarrekin harremana izana, ardatz atlantikoaren jaun eta jabe izan zirenekin. Beharbada beraiek irakatsi ziguten nabigatu eta salerosten.
XII. eta XIII. mendeetan Bilbao eta Bermeo merkataritza-portu garrantzitsuak bilakatu ziren eta beraien arteko norgehiagokak luze jo zuen mendeetan zehar. Hiribildua fundatu aurretik, Bilbok garapen ekonomiko garrantzitsua lortu zuen, Gaztelako produktuak Bilboko portutik ateratzen zirelako Iparraldeko itsasoetarantz eta alderantziz. Bidegurutzea izatea erabakigarria izan zen Bilbao hiribildua fundatzean ondorengo ezaugarriak izateko: bere agintariak, bere forua (Logroñokoa), udal mugarte zehatza eta bertara bizi izatera etortzen zirenentzako abantail batzuk. Itsasadarrean Bilbok bakarrik nabigatu eta saleros zezakeen. Hori dela eta, erakunde eta jarduerak sortu ziren. Esate baterako, Bilbao inguruko burdinazko bihotzeko mendiek eskaintzen zuten lehengaiaz baliatuta, burdina landu zuten -besteak beste, Shakespearek eta Tirso de Molinak aipatu zuten legez-; eta harizti, pagadi eta gaztainadietako egurraz betidanik egin zituzten itsasontziak, salerosten aritzeko bezero eta produktu berrien bila itsasoak zeharkatzen zituzten itsasontziak.
Hiru mendetan, bilbotarren bizitza bi erakundek arautzen zuten: Udalak eta Kontsuletxeak (1511-1829). Azken hori, Kontsuletxea, lehorreko eta itsasoko bizitzarekin eta merkataritzarekin zerikusia zuten arauak emateaz arduratzen zen eta, gainera, itsas-garraiolarien eta merkatarien Unibertsitatea zen. Hain garrantzitsua izatera ailegatu zen, ezen bilbotarrek beraien Kontratazio Etxea baitzeukaten Brujasen (Belgikan), bertan beraien negozioak egiteko. Bilboko Kontsuletxea XIX. mendean desagertu zen, estatu osorako Merkataritza Arautegia aldarrikatu zenean.
Bi erakunde horien arteko elkarlana oso estua izan zen eta etxe berean izan zuten egoitza San Anton elizaren ondoan, gaur egun existitzen ez den etxean.
Bilbao Donejakue bidean sartzean, hiribilduak korronte kultural eta artistiko desberdinak ezagutzeko aukera eduki zuen, eta horrela hiri honen izaera eratu egin zen. Bidaiari horiek, Kostaldeko bidetik erromes joaten zirenak, sarrera-iturri berria izan ziren.
Aro Modernoan Bilboko historia bere merkataritza-jardueraren historia da, Europako iparraldeko gune atlantikoaren eta Gaztelako erresumako barrualdearen arteko lotura bezala, Sevilla eta Amerikaren arteko lotura ere funtsezkoa zelarik.
Baina, inolako ezpairik gabe, Bilboko patuaren norabidea aldatu zuen mendea XIX. mendea izan zen. Mende horretan, Bilbao Bizkaiko hiriburu aukeratu zuten (1820-1823), meatzeetan eta industria siderometalurgikoan oinarrituta metropolialdeko garapen industriala hasi zen, untzi-enpresak eta tren-konpainiak ere - 50 urtetan bakarrik, 1814tik 1891ra, trenbideko 1.000 km. baino gehiago eraiki ziren - bultzatu egin ziren eta banketxeak eta Burtsa ere agertu ziren.
Bilbok garai horretan gudak -Napoleonen inbasio frantsesa (1880), bi Karlistada lau Setiotan (1835-36 eta 1873-76) - jasan zituen arren, garapen ekonomiko izugarria izan zuen.
Bilbok, ordura arte Alde Zaharra eta Bilbo Zaharra zenak, zabaldu behar zuen eta politikaren aldetik bere handiagotze ekonomikoa erakutsi ere. Horrela, 1870ean anexio prozesua hasi zen, lehenengo Abando, gero Begoña, geroago Deustua eta Lutxana (1924). Ikusten dugun legez, egun ezagutzen dugun hiria ia gaur egungo kontua da. Aurrerapen hau arkitekturan ere isladatu egin zen. Monumentu asko garai berean eraiki ziren: Plaza Barria, Arriaga Antzokia, Udaletxea…
XX. mendeko lehenengo zatian Bizkaiak goren aldi ekonomiko handia izan zuen, 20ko hamarkada zoriontsuan gailurrera iritsi zena. Goren aldi ekonomiko hori Ingalaterrari saltzen zion burdinan oinarrituta zegoen, besteak beste, Lehenengo Mundu-Gerrarako armak egiteko erabiltzen zena.
Garai honen ostean, eta Gerra Zibilaren gora-beherak igarota, Hiribilduak ikusi zuen nola iritsi zen industria bere goren mailara. Estatuko alde desberdinetatik heltzen ziren milaka etorkin hartu zituen eta horretarako eraiki ziren auzoetan aterpea eman behar izan zieten. Auzo horiek oso azkar eraiki zirenez gero eta inguruneko orografia zela eta, Bilboko hirigintza-egiturak ezin izan zuen plangintza lineala jarrraitu.
Demografiaren aldetik Bilbao Handiak, garapen idustriala izan zen Nerbioi itsasadarraren eragin-aldea, milioi bat biztanle du, baina Bilbao Hiribilduak gutxiago, laurehun mila inguru. Gaur egun, diru-sarrerak industrian oinarritu zituen alde oso horrek atzeraldi ekonomikoa jasaten du. Hala ere, biztanleak etorkizunari begira baikorrak dira, eta horrela erronka zail bati aurre egiten diote: XIX. mendean errotu zen gizarte industriala kalitateko zerbitzu-hiria bihurtzea.